Gure ohiturari jarraituz, Ermitaberrin aurten ere Burlatako Martingala ospatu dugu, Inauteriak alegia. Ospakizuna Lukas Aierbekoren epaiketarekin hasi dugu, 6. mailako ikasleen eskutik. Ondoren, denok elkarrekin Ermitaberriko patioan dantza egin dugu, epaiketaren emaitza ospatzeko. Burlatan zehar kalejiran irten gara, ikasle, irakasle eta gurasoekin, Udaletxe aurrean dantza ere egiteko. Ermitaberrirako bueltan, Lukas Aierbeko gaizkilea erre dugu. Horren aurretik, berriz ere epaiketaren antzerkia eskaini diegu familia guztiei. Lukasen erreketarekin aurtengo Martingalari bukaera eman diogu.
Berriak
Guraso Eskola: “Gurasoen Hezkuntza” lantegia
Guraso Eskola proiektuaren barne, “Gurasoen Hezkuntza” tailerra 2019ko martxoa eta apirileko egun desberdinetan izango da. 3 eta 6 urte bitarteko seme‐alabak dituzten gurasoendako zuzenduta dago eta debaldeko lantegia da. Bertan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da.
“Guraso Eskola” Osasun Departamentuaren proiektua da, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren (NOPLOI) Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atalak koordinaturikoa eta Herritarrendako Osasun Eskolaren barnekoa.
Eskolak gurasoen eginkizun babesgarri eta hezigarriaren euskarri izatea du xede, gurasoek seme-alabak autonomiaz, segurtasunez eta beren buruarekiko konfiantzaz hezi eta zaintzeko dauzkaten gaitasun eta baliabideen garapena sustatuz.
Esne banaketa 2018/2019
Osasun Departamentuak eta Hezkuntza Departamentuak antolaturik, Nafarroako ikastetxeetan esnea banatzeko planean parte hartuko dugu.Honen helburua elikatze ohitura osasungarriak bultzatzea da, bertako produktuak ezagutaraztearekin batera.Programa hau Haur Hezkuntzako ikasle guztientzat eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleentzat bideratua dago.Astero, 2019ko otsailaren 25etik aurrera ikasturtea bukatu arte, 0,50 litro banatuko ditugu ikasle bakoitzeko. Esnea goi kalitatekoa izanen da, gertuko ekoizle batena, eta edateko unerik onenean egongo da.Alergia kasu guztiak kontuan izango ditugu. Aldi berean, familiaren batek programari uko egin nahi badio, etor zaitezte Zuzendaritzara horren berri ematera.
Ingelesa antzerkia: “Nautilus”
Datorren asteartean, 2019ko otsailaren 18an, 11:00etatik 13:00etara, Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailako ikasleak Burlatako Kultur Etxera joango dira antzezlan bat ikustera.
Lan honek “Nautilus” du izena eta ingelesez izango da, Ermitaberri eta Atargi eskolako Ingelesa departamentuek elkarrekin antolatutako ekintza baita. Antzezlanari buruzko informazioa zabaltzeko egin klik hemen.
Blas Deuna eta Agate Deuna 2019 – Argazkiak
Agate Deunaren bezpera ospatzeko, Ermitaberrin 5. mailako ikasleak Haur Hezkuntzako geletan kantatzera sartu dira. Haur Hezkuntzako ikasleek abestia ere ikasia dute eta beren makilekin erritmoa ongi aski jarraitu dute. Gaur Burlatan Blas Deuna ere ospatzen dugunez (berez atzo igandea zen Blas Deunaren eguna), ikasleek kantak entzun bitartean beren erroskilak jan dituzte.
Blas Deuna eta Agate Deuna 2019
Datorren astean Ermitaberrin Blas Deuna eta Agata Deunaren bezpera ospatuko ditugu.
Otsailaren 4ean, Blas Deunaren ospakizuna eskola barruan egingo dugu: kantuak abestu ondoren eskolako familia batzuek prestaturiko opilak jango ditugu.
Egun berean, Agate Deunaren bezpera ere ospatuko dugu. Goizez, 4. mailako ikasleak Landazabal Adinekoen Egoitzara joango dira abestera. 13:30etan, eskolako ikasle guztiekin batera patioan elkartuko gara abesteko asmoz. Gurekin kantatzera gonbidatzen zaituztegu.