Bi urtez behin gertatzen den bezala, ikasturte honetan Eskola Kontseiluko partaidetza berrituko dugu; aurten lehenbiziko erdiari dagokio. Eskola Kontseiluan zuen partaidetza garrantzi handikoa da, bertan zuen iradokizunak adierazi eta erabakietan parte hartu ahal izateko. Beraz, parte hartzera animatu nahi zaituztegu.
Eskola Kontseiluaren funtsa eta zereginak ikusi nahi badituzu egizu klik hemen.
Une honetako Eskola Kontseiluko egitura eta kideak hemen ikus ditzakezu.
Hauteskundeen prozedura, laburbilduz, honako hau izango da:
- Gure eskolan bost aita/amak izan behar dute Eskola Kontseiluko kide. Aurtengo berrikuntza honen ondoren, kide horietatik bik jarraituko dute, bi berriak izango dira eta azkenekoa Guraso Elkarteak zuzenean izendatuko du.
- Edozein aita/ama hautagai izan daiteke. Hautagaitzak aurkezteko Zuzendariari Nortasun Agiriaren fotokopia eman beharko diozue azaroaren 7tik aurrera eta, beti ere, azaroaren 12ko eguerdiko 14:00ak baino lehen. Hautagaien zerrenda azaroaren 12an jarriko dugu eskolako sarrera ate nagusietan eta gure web orrian.
- Bi hautagai edo gutxiago egotekotan Hauteskunde Batzordeak, besterik gabe, zuzenean hautagai horiek izendatuko ditu eta, beraz, hauteskunde prozesua bertan bukatuko litzateke.
- Hauteskundeak izatekotan, azaroaren 26an izango lirateke eskolako liburutegian 8:50-9:50 eta 14:00-16:30 ordu bitarteetan.
- Botoa emateko Nortasun Agiria aurkeztu beharko duzue.
- Postaz botoa eman dezakezue gutun-azal bikoitzaren sistema jarraituz. Boto-orriak, horretarako, Zuzendaritzara azaroaren 26ko 16:30ak baino lehen iritsi beharko du.
- Botoen zenbaketa azaroaren 26an bertan, 16:30etan hasiko da eta, honen ondoren, Hauteskunde Batzordeak Eskola Kontseiluko kide berriak izendatuko ditu.