Zer dira ekintza osagarriak?
Legeak oso modu egokian azaltzen du ekintza osagarrien funtsa. Hona hemen, laburbilduz:
Jarduera osagarriak dira irakaskuntzako programazioan sarturik egon eta hein handi batean eskola ordutegiaren barrenean egin arren, ohikoak ez direnak, egiteko tenorea edo tokia dela eta, erabiltzen diren baliabideengatik edo ikastetxearen inplikazioagatik. Jarduera hauek nahitaezkoak izanen dira irakasle zein ikasleendako.
Ikasturte hasieran, ikastetxe guztiek prestatu beharko dute Jarduera Osagarrien Programazioa. Hortaz, Ikasketa Buruak eginen du jarduera hauen urteko Programazioa, Eskola Kontseiluak aurretik prestatutako ildoei jarraikiz. Horretarako Klaustroaren eta Guraso Elkarteen proposamenak bildu beharko ditu. Programazio hau Urteko Programazio Orokorraren barrenean sartuko da.
Jarduera osagarriek bat etorri beharko dute ikastetxeko Hezkuntza Proiektuarekin eta hau modu egokian garatzeko baliagarriak izan. Jardueren planifikazioan zehaztuko dira helburuak, arduradunak, egiteko tenorea eta tokia, ikasleek parte hartzeko modua, bai eta aurrekontuko kostua.
Zer egiten dugu Ermitaberrin?
Hemen klik eginda Ermitaberriko 2022/2023 ikasturteko ekintza osagarri guztiak dituzue.
Ermitaberrin, ekintza hauek garatzeko, zenbait erakunderekin egiten dugu lan. Adierazgarrienak hauek dira:
- Iruñerriko Mankomunitatea: Mancoeduca programaren bitartez, ura, birziklapena eta garraioaren inguruko gaiak lantzen ditugu.
- FIRA: irakurzaletasuna lantzeko ekintzak, autore ezberdinekin zuzeneko saioen bitartez.
- Zientzia Dibertigarria: Pausoka taldearen eskutik, zientzia ikasleengan hurbiltzeko tailerrak
Gainontzeko ekintzak, Nafarroako leku ezberdinetan (salbuespenak salbuespen) egindako bisitaldi eta kanpaldiekin burutzen ditugu. Batzuk Burlatan bertan dira, gure herriarekiko lotura estua dugulako. Beste batzuk Iruñerrian egiten ditugu eta, gutxi batzuk, Nafarroako geografia zabalak eskaintzen dizkigun aukerak baliatuz, etxetik kanpo lo egiteko ere erabiltzen ditugu. Kanpaldi hauek Haur Hezkuntzako 3. mailan, eta Lehen Hezkuntzako 2., 4. eta 6. mailan izaten ditugu, Eski Kanpaina barne.
Ekintza bakoitza banan-banan programatzen eta baloratzen dugu eta, horren arabera, hurrengo ikasturterako programa eratzen dugu. Ekintza bakoitzaren programazioa eta balorazioa Zuzendaritzan eskuragai duzue.