2019/11/15ean berritua
Bertsolaritza Irakaskuntzan izeneko ikastaroa Nafarroako Bertsozale Elkarteak Udalaren laguntzarekin antolatzen duen programa da, ia 30 urteko ibilbidea duena. Bi helburu nagusi landuko ditugu:
- Bertsogintzaren, ahozkotasunaren eta euskal kulturaren transmisioa gauzatzea
- Ikasleen euskarazko komunikazio gaitasunak garatzea
Horretarako, Nafarroako Bertsozale Elkarteko irakasle espezialista batek emango ditu klaseak, beti ere ikastetxearekin eta tutoreekin koordinazio eta elkarlanean. Aurten Xabier Terreros dugu gurekin, Lehen Hezkuntzako 6. mailan astean saio bat emango du otsaila arte.
Martxotik aurrera ikasturte bukaera arte, 5. mailan programa berbera izango dugu, Iker Gorosterrazu bertsolariarekin.
Zer landuko dugu ikastaroarekin?
Lehenik eta behin bertsoaren ezaugarri nagusiak aztertuko ditugu (errimak, neurriak, doinuak…) eta bertsolaritzaren historia ezagutu. Bertsoa euskaraz pentsatu eta egin behar den jarduera denez, ikasleen hizkuntza gaitasunean eta ahozko komunikazioan ere eragingo dugu. Honekin batera, trebetasun sozial eta pertsonalak lantuko ditugu: jende aurrean hitz egiteko segurtasuna, ezerezetik zerbait sortzeko konfiantza, besteek esandakoa entzuteko jarrera…
Horretarako klaseari egokitutako ariketak prestatuko ditugu, hizkuntzaren alderdi ludikoa oinarri izanda. Bertsopaperetatik hasita bat-bateko bertsogintza lantzeraino iritsiko dira ikasleak eta besteak beste, ikastaro amaieran ikastetxean prestatutako bertso-saioan parte hartuko dute.