2024/06/21ean berritua
2008/2009 ikasturteaz geroztik, Nafar Gobernuak Lehen eta Bigarren Hezkuntzako testu liburuak finantzatu ditu. Doakotasun Programak testu liburuen eta lan koadernoen arteko bereizketa egiten du; horrela, testu liburuak Doakotasun Programan sartzen diren bitartean, lan koadernoak familiek erosi behar dituzte (Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetan ezik, ondoren azaltzen dugun moduan).
Maila bakoitzeko testu liburuak Ermitaberriren izenean erosten ditugu. Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. maila arte, erosketa 5 ikasturtetarako egiten dugu eta denbora tarte honetan ikasleek testu liburuak maileguan berrerabiltzen dituzte. Horregatik, ikasleak ez du testu liburuan ezer ere idatziko eta ongi zaintzeko konpromisoa hartuko du. Ikasturte bukaeran testu liburua itzuliko du eta Ermitaberrin gordeko dugu hurrengo ikasturtean berrerabiltzeko. Testu liburua egoera txarrean itzultzekotan (edo ez balu itzuliko, noski), familiak bere kostea ordaindu beharko luke.
Lan koadernoak, aldiz, familiek erosiko dituzte; horren berri hemen eman genizuen.
Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetan, Doakotasun Programak ez du testu liburu eta lan koadernoen arteko bereizketarik egiten, material guztia “suntsikor” gisa hartzen delako. Izan ere, liburu hauek bertan idazteko pentsatuak daude berez eta, horregatik, Ermitaberrik urtero berriak erosten ditu ikasleei emateko. Familiek ez dute, beraz, ez testu libururik ezta lan koadernorik erosiko.
Ikasmailaren arabera, Doakotasun Programak 2024/2025 ikasturterako honako diru asignazioa emango du ikasle bakoitzeko, gehien-gehienez:
- Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailan: 100,49 euro.
- Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailan: 119,86 euro.
Diru honekin Ermitaberrik testu liburuak erosten ditu. Liburu guztien erosketaren prezioa handiagoa izatekotan, familiek diferentzia hori beren gain hartuko dute. Prezioa txikiago balitz, berriz, diru hori erabilera orokorreko material didaktikoa eta informatikoa erosteko baliatuko du eskolak, beti ere Departamentuaren aurrean justifikazio ekonomikoa azalduz.
Testu liburuak urte desberdinetan erosi izan ditugu (bere garaian Doakotasun Programa mailaz-maila ikasturte ezberdinetan martxan jarri zelako); beraz, 5 ikasturtetarako doakotasun “ziklo” ezberdinak ditugu maila bakoitzaren arabera. Bost ikasturte horiek pasatu ondoren, erosketa berri bat egingo dugu. Koadro honetan laburpena dugu:
Mailak | Erosketa ikasturtea | Doakotasuna noiz arte |
LH 1-2 | Urtero berritzen ditugu | |
LH 3-4 | 2023/2024 | 2027/2028 |
LH 5-6 | 2020/2021 | 2024/2025 |
ARAUDI OROKORRA
Doakotasun Programa arautzen duen oinarrizko legedia honako hau da:
- 6/2008 FORU LEGEA, martxoaren 25ekoa, oinarrizko irakaskuntzarako testu liburua finantzatzeari buruzkoa.
- 61/2010 FORU DEKRETUA, irailaren 27koa, Oinarrizko Irakaskuntzarako Testu liburua Finantzatzeari buruzko martxoaren 25eko 6/2008 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena.
Informazio gehiago eskuratu nahi baduzu egin klik Hezkuntza Departamentuko web orrialdean.