HISTORIA ETA LABURPENA
Martingala 1988 urtetik geroztik egiten den Burlatako inauteriari ematen zaion izena da.
Inauteri-astelehenean, ilunabarrean, Burlatako alde zaharreko giro lasaiak eztanda egiten du Joasikeroen istilu eta iskanbilaz. Haiek, Joasikeroak, panderetaz eta erratzaz armatuak dabiltza Lukas Aierbekoren bila, ezkiltxo edo kanpaitxo txiki-txikiei eraginez, Lukas atxilotu eta herrian barna jendearen aurrean erakusteko asmoz. Honekin batera atxiloketa ospatu eta MARTINGALAren dantza egingo dute panderetak joz eta herritar begiraleei erratzaz eraso eginez.
Astearte gauean Zorrotzek, Lukas Aierbeko epaituko dute, Muxinarien negarrak entzun ahal izango ditugu Joasikeroen oihuekin batera:
Lukas Aierbeko!
Akerburu, txakurburu!!
Lukas Aierbeko, sorgiña!
Akerburu, txakurburu!!
Zuregan dugu grina!
Sutara, sutara!!
Segidan, Lukas Aierbeko urkatu eta erre eginen dute, muxinarien negarrak Joasikeroen dantza artean.
Ermitaberrin, Inauteri osoa goiz batean egin ohi dugu, Burlatako ospakizuna egin baino egun batzuk lehenago.
Antzerkiaren testu osoa nahi baduzu, egizu klik hemen. Bideoa ere hemen ikus dezakezu:
LUKAS AIERBEKO:
Lukas Aierbeko, Martingalaren pertsonai nagusiena da. Tolosarra jaiotzez, Atarrabian bizi izan zen, eta Burlatan sorginkeri batzuk egin omen zituen. Izpiritu gaiztoak kanporatzeaz gain, sendagile ere omen zen.
MUXINARIAK:
Laguntzen duten beltzez jantziriko emakumeak dira, negar batean pasatzen dute ibilaldi guztia.
ZORROTZAK:
Preso daramaten epaileak dira, bigarren egunean hauek epaituko dute Lukas.
JOASIKEROAK:
Martingalan doan jende guziari deritzo koloredun jantzia, erratza tipia, pandereta, lastozko txanoa eta ezkiltxo edo kanpanila batzuk daramatzate. Ezkiltxoak eramateren arrazoia hauxe da Burlatarron ezizena izan den “campaneros” horrekin usadioa lotzea.
AKERBURU!!! TXAKURBURU!!!:
Lukas Aierbekori ibilaldi guztian zehar oihukatzen zaizkion maldizio eta biraoak dira.