Urtero musika proiektu berriak lantzeko ohiturari jarraituz, Ermitaberrin “Munduko Dantzak” ekintzarekin buru belarri ibili gara martxotik aurrera. Bertan, mundu osoan zehar esanguratsuak diren hiru dantza jorratu ditugu Haur Hezkuntzako 3. mailatik hasita Lehen Hezkuntzako 6. maila arte:
- Haka: maorien dantza famatua
- Sirtaki: “Zorba el Griego” film-ak Anthony Quinn-en bitartez munduari ezagutarazi zion dantza ederra
- Txapeloaz: Ermitaberrin dagoeneko tradizio bihurtu den polka
Dantza bakoitzaren historia, berezitasunak, lurralde bakoitzean duten esanahia eta garrantzia, etab. aztertu ditugu lehenbizikoz, musika eta entseguekin hasi aurretik.
Musika arloari dagokionez, helburuak erabat bete ditugu proiektu honekin:
- Koordinazioa landu dugu, bai norberarena bai talde moduan lan egiteko.
- Erritmoa ere funtsezkoa da, bereziki aukeratu ditugun hiru dantzetan eta, noski, oso lotuta dago koordinazioarekin.
- Musika zaletasuna bultzatzea beti dugu helburu nagusi bezala eta aurten ere eskola osoan lortu dugula uste dugu.
- Kamara aurrean lan egiteko ohitura ere garrantzitsu bihurtu zaigu. Gure ikasleek, egia esan, erraztasun handia lortu dute azken urteotan egin ditugun kontzertu eta bideoklipekin.
Guzti hau borobiltzeko, hiru bideoklip desberdin grabatu ditugu Ermitaberriko txokoetan baita Burlatako leku ezagunetan ere. Herriarekin dugun lotura ezinbestekoa ikusten dugu gure proiektuak lantzeko eta hau horren adibide da.
Besterik gabe, disfruta ezazue Ermitaberrin sortu ditugun hiru bideoklip hauekin, “Munduko Dantzak” Ermitaberrira datoz: