2017/18 ikasturtean zehar Skolae programa pilotatzen aritu ginen ikastetxe pilotuek irakasle bezala izandako esperientzia iritzi publikoari helarazi nahi diogu.
Urteak daramatzagu ikasgeletan Baterako Hezkuntza lantzen eta konpromiso hau gure ikastetxeetako Hezkuntza Proiektuetan jasota dago. Berdintasunean oinarritutako heziketa ez da berria, ez da egunotan sortutako zerbait eta dagoeneko urte asko daramatzagu baterako hezkuntza lantzen. Konpromiso hau, Hezkuntza Departamentuak agindutako jarraibideetan eta hezkuntza gidatzen duten lege dokumentuetan jasota egon arren, orain arte irakasleriaren borondatearen menpe egon da eta ahalegin eta dedikazioari esker ikasgeletan sartu ahal izan da. Lan honek plan baten beharra eskatzen zuen: eremu eta hezkuntza maila guztietan modu mailakatu batean egituratua egon zedin eta baterako hezkuntza modu eraginkor eta erreal batean landu ahal izateko.
Skolaeri esker, ikasgeletan gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lantzeko lege eskakizunari erantzuna eman zaio. Hezkuntza erakundeak eta gure irakasle lanak lege eta arau batzuek gidatzen dituzte, eta hauek, baterako hezkuntzaren egitekoa iradokitzen dute: LOE (maiatzaren 3ko 2/2006 Hezkuntzaren Lege Organikoa) aldatzen duen LOMCEk (abenduaren 9ko 8/2013 Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa), bere helburuen artean “Eskolan, gizonen eta emakumeen arteko berdintasun eraginkorra sustatzen duten balioak garatzea, baita genero-indarkeria prebenitzea ere” jasotzen du bere 1. artikuluan. Kooperatzea eta elkarrekin bizitzea gaitasun sozial eta herritarra lantzeko ezinbestekoak dira, eta ikasleekin diferentzien balorazioa, erlazioetako eta norberaren eremuetako gaitasun afektiboen garapena, biolentziaren aurkako jarrerak, edozein motatako aurreiritziak eta estereotipo sexistak lantzeko bidea ematen digute.