Zerrenda honetan 2017/2018 ikasturtean zehar egingo ditugun ekintza osagarri guztiak ikusgai dituzu.
Berriak
Hezkidetza proiektua 2017/2018
Ermitaberri Plan horretan zentro pilotu izango da. Hezkidetza Planaren helburua hezkuntza etapa guztietan (0-18 urte) zeharkako hezkuntza ibilbidea ezartzea da, zuen seme eta alabek beraien bizi proiektuak berdintasunean hezi eta bizitzeko eskubidea bermatu ahal izateko. Horretarako, hezkuntza maila guztietan beharrezkoa den formakuntza ezarriko dugu. Plan hau zabaltzen joango da, 2020 urtean Nafarroako ikastetxe guztietan integratu arte.
1. Skolae Jardunaldia
Datorren astean Baluarten antolatzen ari garen Jardunaldietan parte hartzera gonbidatzen eta animatzen zaituztegu. Bertan aurkeztuko da ikastetxe parte hartzaileetako irakasleriari eta familiei zuzendutako Hezkidetza Plana. Irailaren 13 eta 14ean, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara ospatuko dira l. SKOLAE JARDUNALDIAK, bertan aurkeztuko da Hezkidetza Plan hau. Tailer desberdinetan parte hartu eta plana gertutik ezagutzeko aukera izango duzue bertan. […]
Toma faltsuak – Munduko Dantzak
Bideoklipen grabaketak momentu barregarriak ere utzi dizkigu. Giro onean ibili gara eta bi minutuko laburpen honetan Munduko Dantzak proiektuaren laburpena ikus dezakezue, “beste” ikuspuntu batetik.
Txapeloaz
Ingalaterran omen du jatorria dantza honek, handik XIX. mendean Estatu Batuetara zabaldu eta zenbait aldaketatxo jasan ondoren, XX. mendeko 90. hamarkadan Euskal Herrira iritsi zitzaigun. Bazter guztietan dantzatu ondoren, Ermitaberrira iaz iritsi zen gure kontzertua amaitzeko eta bideoklip gogoangarria burutzeko. Aurten, tradizio gisa jadanik, Munduko Dantzak proiektua borobiltzeko erabili dugu gure ikasleekin.
Munduko Dantzak proiektua
Urtero proiektu berriak lantzeko ohiturari jarraituz, Ermitaberrin “Munduko Dantzak” ekintzarekin buru belarri ibili gara martxotik aurrera. Bertan, mundu osoan zehar esanguratsuak diren hiru dantza jorratu ditugu Haur Hezkuntzako 3. mailatik hasita Lehen Hezkuntzako 6. maila arte:
Haka: maorien dantza famatua
Sirtaki: “Zorba el Griego” film-ak Anthony Quinn-en bitartez munduari ezagutarazi zion dantza ederra
Txapeloaz: Ermitaberrin dagoeneko tradizio bihurtu den polka
Dantza bakoitzaren historia, berezitasunak, lurralde bakoitzean duten esanahia eta garrantzia, etab. aztertu ditugu lehenbizikoz, musika eta entseguekin hasi aurretik.
Musika arloari dagokionez, helburuak erabat bete ditugu proiektu honekin:
Koordinazioa landu dugu, bai norberarena bai talde moduan lan egiteko.
Erritmoa ere funtsezkoa da, bereziki aukeratu ditugun hiru dantzetan eta, noski, oso lotuta dago koordinazioarekin.
Musika zaletasuna bultzatzea beti dugu helburu nagusi bezala eta aurten ere eskola osoan lortu dugula uste dugu.
Kamara aurrean lan egiteko ohitura ere garrantzitsu bihurtu zaigu. Gure ikasleek, egia esan, erraztasun handia lortu dute azken urteotan egin ditugun kontzertu eta bideoklipekin.
Guzti hau borobiltzeko, hiru bideoklip desberdin grabatu ditugu Ermitaberriko txokoetan baita Burlatako leku ezagunetan ere. Herriarekin dugun lotura ezinbestekoa ikusten dugu gure proiektuak lantzeko eta hau horren adibide da.