Ermitaberrin jolas parke berria irekitzeko momentua iritsi da. Ermitaberriko hezkuntza komunitateko partaideen onespena jaso duen bi urteko proiektu luze baten emaitza dugu hau. Burlatako Udalaren laguntza izan dugu jolas parkea gauzatzeko, baita mantenua egiteko.
ZERGATIK HAUR PARKE NATURAL BAT?
Espazioa, berez, irakaslea balitz bezala hartzen badugu, irakasteko baliabide da ere, esploratu, liluratu, sortu eta gauza berriak ikasteko bidea.
Kalitateko hezkuntzarako espazioak diseinatu nahi ditugu. Espazio berri hauek ikasleen gaitasunekin bat etorri behar dute, beren beharrak eta interesak asetzeko, ez bakarrik eraikuntza barruan baita kanpoko espazioetan ere.
Eskolan ekintza desberdinak sortarazteko antolatua dagoen espazio bat edukitzeak, erabilera irekia duten material multzo anitza eskatzen du. Espazioak eta materialak zenbat eta aberatsagoak izan, orduan eta kalitate hobeagoko ekintzak bideratuko dituzte, haurrei beren interes eta beharrei egokitzeko aukera ematen baitiete.
Parke naturalek jolas aukera gehiago ematen dituzte egitura zehaztuak dituzten parkeekin alderatuta, egitura irekiek gauza interesgarri asko egiteko abiapuntu izaten dira.